jueves, 26 de febrero de 2015

ITXAROPEN MEZUA

Bizitzeko modu bakarra sufrimendutik pasatzea zela sinestarazi egin nahi izan zidaten. Mundu honetan dena ez dela justua buruan sartu nahi izan zidaten. Dugunarekin bizitzen ikasi behar genuela bertze batzuek guk dugunarekin amesten baitute. Sufritu dut, injustizia bizi izan dut eta konformatu behar izan naiz, ez da azken aldia izango gainera.

Mundutik ihes egitea erabaki nuen bertzerik ez jasan behar izateko. Beldurrei aurre egiteko modu errexena aurre ez egitea baita. Eta horrela egin dut. Nonbait onartu ez banaute izan bertze leku batera joan izan naiz iragana behin betikoz atzean utzi nahirik, izaera berri eta gogor bat hautatuz, atzeko irudi haiek agertzen direnean ni ezagutu ez nazaten. Norbaiten bihotzera ez banaiz egokitu nahiago izan dut sentimenduak hitzetan ito boligrafo baten tinta zikinean, nire bihotzak isuritako malko odoltsuengatik zikina, paper batek xurgatzen duen bitartean esperantza gabeko bertso hilekin batera. Zeozer ez bada nire gustukoa bizitzatik kendu izan dut, irreala balitz bezala, munduan ezarrita dagoen sistema hau hodeietan galdurik balitz bezala eta ametsetan dagoen bakarra hura dela eta ez nire burua.

Gizona bihurtu naiz, Gai izan naiz edozein egoeratan nire defentsak ateritzeko armak fabrikatzen. Malkoak barrenean gorde ditut bertan usteltzen diren tristeza haziak lore beltz ilun eta arantzaz beteriko lorategi beldurgarri batean bihurtuz. Gezurra erraten ikasi dut jendeak nire ahotik ateri daiteken egia entzun ez dezan, haiek ez lituzketelako nire haina indar egi hori onartu eta zapaltzeko, horrela gezur zintzo batekin haien ignorantzian kontent eta alai bizitzen jarrai dezaten. Azkenik irtenbiderik aurkitu ezean, sisteman murgildu naiz, nire burua bonbardatzen duen kontraesan zaratatsu batean sartuz. Zer edo zer egin behar nuelako lana lortu dut, erantzun bat izan dezadan betiko galdera memelo horri: “zer egiten ari zara zure bizitzarekin?”

Nazkatu naiz eta behingoz haserretu nahi dut, beraz utzidazu lerro honetan zuri pikutara bidaltzen!

Mila esker, hobe sentitzen naiz.

Harrigarria da ikusteak nola ematen ditun bueltak bizitzak. Buelta hitza erabiltzen dugu, izan ere beti ardatz berdinean mugitzen baita nahiz eta norabide desberdinak hartu eta erabili. Nire kasuan ardatza nire ametsetan egokitzen da. Mila leku desberdin, pertsona ala bizipen ezagutu izan ditut baina beti helburu berdina errepikatzen zait buruan. Ez da inoiz aldatu eta ez du inork aldatu ahal izango inoiz. Dena ardatz berdinean mugitzen doala eta zure norabidea egokia dela uste duzun bitartean, dena ongi dagoela uste duzu eta bat-batean…

Heriotza zure parean ikusten duzu, zurekin jolasean, zure kristalezko arima hauskorrak kilimatuz. Kotxeko atzeko gurpilak dantza egiten du “high-way to hell”-en erritmoan, kolpe batez zure ustetan inoiz ateri ahal izango ez zaren zulo batera eramenez. Begiak irekitzen dituzu eta hor zaude, infernuak gaur ez zaitu zurekin eraman izan nahi. Ongi nago, inoiz baino bizigorik.

Gaur ernatzen naiz, begiak guztiz irekirik ditut eta ingurura begiratzen dut. Alde egiteaz nazkaturik inguruan duten guztiari eskerrak ematen dizkiot, dudanarekin alaitsua bainaiz baino indarrak bilduko ditudalako, zure ondoan, guretzako bizi ongarriago bat eraikitzen. Ene bizitzan parte hartu izan eta hartzen duen guztiari, maitasuna ezagutzeko eta bizitzeko prest bainago orain inoiz baino gehiago. Negar egiteko askatasunari, ene malkoak ni askatu eta lur honetan itxaropentsu hazi daitezen. Sufrituko baitut, mina hartuko baitut, baino batezere gozatuko baitut nire helburuak hurbilago ikusterakoan.

Utzidazu beraz azken lerro honetan nire ardatzean mugitzen den guztiari eskertzen, maitatzeko gogoa eman izanagatik.